Axut! kolektiboa

"AXUT! kolektiboa antzerkia euskaraz sortzeko tresna bat da. Sinpleki erraiteko euskaraz egin eta eragiteko. Bi gara kolektiboan anaia eta biok. Helburua da gure antzerkia sortzea tresna horren bidez eta gerora ere beste batzuen sorkuntzak laguntzea. "Axut" iparraldeko hitza da, gibelean desafio, pario zerbait baduena. Garai batean ostalariak herriko plazara etortzen ziren eguerdian helburu argi batekin: horien ostatua betetzea mezatik landa. Dirutza bat mahai gainean jarriz geroz, bazekiten gazte batzuk altxatuko zirela eta Axut erratearekin batera, dirutza erronka harturik alimaleko pilota partida eskainiko zutela. Guk ere, alimaleko partida egiteko asmoa dugu.

Anaia eta biok momentu berezi bat bizi dugu; 40 urte pasa ditugu eta bizitza zinta dantzan bezala ikusiz geroz, (dantza horretan, dantzariak zinta bat eskuan, mastan baten inguruan itzulikatzen dira, zintak masta gainean gurutzatuz puntaraino iritsi arte eta gero bestaldera hasten dira, zintak askatuz) gu zinta beste aldera askatzen den momentu horretan gara orain, preseski, bizia askatze parte batean sartzen den horretan.

Gure arteko erronkan, euskaraz sortzeko desafioa hartu dugu, euskara hutsean, nonbait, hori ezinezkoa dela erraiten zaigunean hain zuzen ere. Duela gutxi prentsan eta batzuen ahotan ere entzun dugu ez dela posible euskara hutsezko antzerki bat Baionako antzokian ikustea zeren eta euskal antzerkiak ez omen du mailarik. Beste aitzakia batzuk ere entzun ditugu. Baionako antzokian erran digute onartuko gaituztela baldin eta itzulpen bat jartzen badugu taula gainean. Irringarria da oroitzea Baionako antzokian euskara hutsean eman den azken antzezlana, 1968an zela "Matalaz" Piarres Larzabalek idatzia eta Roger Idiart apaizak eta Telesforo de Monzon-ek zuzendua! 50 urte! Horrek biziki urrun eramaten gaitu, orduan guk diogu Axut! Ez dela posible? Ba, guk eginen dugu orduan!"

Lekukoa(k): Manex Fuchs

Herria: Senpere

Artxibo-funtsa(k): Euskal kultur erakundeko artxiboak

Bilduma: "Euskal kulturaren lekuko" elkarrizketak

Elkarrizketatzailea(k): Jasone Iroz

Data: 2018-06-16

Iraupena: 0:07:35

Erreferentzia: EKL-6-2

EKE-ren artxibo-kodea: EKL-6-2

Gaia(k): Antzerkia, Euskararekiko atxikimendua


Eskubideak eta erabilpen baldintzak

Orri honetako edukiak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala 4.0 Nazioartekoa Baimen baten mende daude (CC BY-NC-SA 4.0).

Baimendua zara web-orrialde honen edukiak (testuak, irudiak edo dokumentuak) partekatzeko eta eduki horietatik abiatuta lan edo eduki eratorriak egiteko. Baldintza bakarra da, beti, edukien jatorria aitortzea (CC BY-NC-SA 4.0 - Euskal kultur erakundea - Institut culturel basque - www.mintzoak.eus), eta adieraztea aldaketarik egin bada jatorrizko edukietan. Ez zara baimendua etekin ekonomikorik egitera. Edukiak haien jatorrizko lizentzia berdinarekin erabiltzera behartua zara.

Manex Fuchs

Manex Fuchs (Larzabale, Baxenabarre, 1975) euskal aktorea da. Le Petit Théâtre de Pain antzerki taldean luzaz egon ondoren, Ximun anaiarekin batera (aktore-taula zuzendari), bi erronka berri dituzte orain jomugan: antzezlanak euskaraz sortzea eta euskal zinema lau haizetara hedatzea.

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.