Musika eta ikus-entzunezkoaren arteko tirabirak

Ttipidanik dudan tira-bira da hori. Ama musikaria izanik, ahizparekin biziki gazterik hasi ginen musikan. Ni zazpi urterekin hasi nintzen biolina ikasten, Garazi aldetik Baionako kontserbatoriora eramaten ninduen amak astero, ez nuen besterik buruan. Gero modu informalagoan segitu dut jotzen, herriko dantza taldean, lagunen musika taldeetan, etxean.

Filmatzearena ere ttipitik dudan zaletasuna da; aitak anitz grabatzen gintuen etxean eta horrek anitz erakartzen ninduen, grabatu nahi nuen nik ere eta fite muntaketa txikiak egiten hasi nintzen etxean. Lizeotik landa, musika anitz jotzen nuen ezker eskuin baina ez nuen horretan bakarrik aritu nahi, orduan ikasketak ikus-entzunezkoetan egitea erabaki nuen eta lau urtez Aretxabaletako ikus-entzunezkoetan egon nintzen. Gaur egun, biek leku parekatua dute nire bizitzan. Aurten formakuntza segitu dut dokumentalak egiten ikasteko; musikari doakionez, 2019an Habia hirukotea osatu dugu Bastidako Lagunarte konpainiaren babespean. Ingurumen horrek gogoeta biziki interesgarriak edukitzera eramaten gaitu, ondarearen inguruan, musika herrikoiaren inguruan eta abar. Sekulako formakuntza eta koadro profesional batean aritzeko parada ematen digu eta hortaz bizitzeko aukera ere bide batez.

Bañolet proiektuan ere musika eta bideoa uztartu ditugu kasik hein berean. Bideoak denbora gehiago hartu digu agian, jende eta antolakuntza gehiago galdegiten duelako baina musikan ere indarra eman dugu eta zinez goxo zen. Biek ekartzen duten oreka maite dut nik. Musikak badu zerbait bizirik dena, kontzertu guztiak ezberdinak dira eta hori gustatzen zait. Bideoak aldiz, zuzeneko bizipen hori grabaketa denboran badu eta gero objektu bat sortzen da; hori jendearekin partekatzea ederra da ere, zinez. Biak gauzak erakusteko eta jendearekin partekatzeko forma ezberdinak dira eta nik bien arteko oreka hori maite dut.


Lekukoa(k): Maia Iribarne-Olhagarai

Artxibo-funtsa(k): Euskal kultur erakundeko artxiboak

Bilduma: "Euskal kulturaren lekuko" elkarrizketak

Lekukotasun sorta(k):

Elkarrizketatzailea(k): Jasone Iroz

Data: 2022-01-05

Iraupena: 0:02:57

Erreferentzia: EKL-26-EKL 26-3

EKE-ren artxibo-kodea: EKL 26-3

Gaia(k): Kantua eta musika, Zinema


Eskubideak eta erabilpen baldintzak

Orri honetako edukiak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala 4.0 Nazioartekoa Baimen baten mende daude (CC BY-NC-SA 4.0).

Baimendua zara web-orrialde honen edukiak (testuak, irudiak edo dokumentuak) partekatzeko eta eduki horietatik abiatuta lan edo eduki eratorriak egiteko. Baldintza bakarra da, beti, edukien jatorria aitortzea (CC BY-NC-SA 4.0 - Euskal kultur erakundea - Institut culturel basque - www.mintzoak.eus), eta adieraztea aldaketarik egin bada jatorrizko edukietan. Ez zara baimendua etekin ekonomikorik egitera. Edukiak haien jatorrizko lizentzia berdinarekin erabiltzera behartua zara.

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.