Antoine Suhas Arrangoitzen sortu zen 1885ko azaroaren 8an. Mathieu Suhas Bardoztarraren eta Sabine Doyharçabal Uztariztarraren semea. Sortetxea, berak Alemanian idatzitako gutunean Ailus Handia deitzen duena, Argelous izendatua da erregistro zibilaren sortze aktan.
Ezkondu zen Arrangoitzen 1910ko ekainaren 4an Marie-Jeanne Daguerre, Errota Handia deitu eihera edo errotako jabearen alabarekin. Antoinek bertan lan egiten zuen.

Errota Handia Arrangoitzen © Maite Deliart
Bikoteak Errota Handian 3 haur ukan zituen: bi, gerla aitzin sortuak, Marguerite (1911-2004) eta Martin (1912-2002), hirugarrena Jean-Baptiste, gerla ondoan.
Antoine istripuz hil da 1946an, eiherazain izateaz gain egiten zuen postari (edo faktur) lanetan ari zelarik.
Gerlako soldadoaren eta presoaren ibilbidea
1914ko abuztuaren 1eko mobilizazioarekin, 249. Infanteriako erregimentua integratu zuen abuztuaren 4an. Alemanek hartu zuten Craonnellen (Aisne eskualdea) 1914ko irailaren 20an, eta preso sartu Zerbsteko preso kanpamenduan. 1915ko azaroaren 8an Merseburgeko kanpamendura igorria izan zen, Nazioarteko Kurutze Gorriaren gunean dagon Kommandanturreko agiriaren (P 32191) arabera.
Prusiako Komisio fonografikoak bertan grabatu zuen 1916ko martxoaren 19a, 20a eta 22an. 1917ko abuztuaren 1ean Stolbergen grabatua izan zelarik, Antoine Suhasek bere gutunaren eskuizkribuan zehaztu zuen du 8garren konpainiakoa zela eta 13714 zenbakia zekarrela.
Komisioak hizkuntzaren eta musikaren ikerketarako hautatu zituenen 10 euskaldunen artean, Antoine Suhas da gehienik grabatua izan dena, Joseph Jaureguiber zuberotarrarekin. Eman duen testu librea, "Eskualdun baten letra mila bederatzi ehun eta hamazazpian" gutun autobiografikoa, alderdi askotarik interesanta da, uzten digun lekukotasunagatik: mobilizazio eguna Euskal Herrian, gerlaren hastapenak, preso egonaldia eta harremana Alemanekin, gerlari buruzko gogoetak, herrian utzi duen familiaz griñaturik.
Gerla bururatu ondoan, Alsaziatik herriratua izan zen 1919ko urtarrilaren 8an: bere izena Nazioarteko Kurutze Gorriaren gunean dagon zerrendan (P 102119) agertzen da. 49garren Infanteria erregimentura sartu zen martxoaren 22an. Etxera igorria izan ondoan, Arrangoitzera itzuli zen.
Eskuineko zangoan ukan hausturaren ondorioz, %20eko gerlako pentsionea ukan zuen. 1934ko urriaren 15ean armadako betebeharretaz osoki libratua izan zen.
Euskal kultur erakundeak nahi du zinez familia eskertu, eskaini dion harrera onagatik eta eman dizkion xehetasunentzat, bereziki Michel Suhas arbonarra, Antoine Suhasen semetxia, eta Marie Domingin Oyharçabal sortzez Suhas, basusarrikoa, Jean-Baptiste Suhasen alabatxia.
Iturriak :
- Prusiako Komisio fonografikoaren fitxa © Lautarchiv, Humboldt-Universität zu Berlin (EKEn kontsultagarri)
[sarean]:
- Frantses Armadaren erregistroko fitxa © Pirineo-Atlantikoetako Artxibo Zerbitzua:
http://earchives.le64.fr/archives-en-ligne/ark:/81221/r88279z32rhj7k/f1?context=militaire::116310
- Arrangoitze herriko erregistro zibilaren sortze akta © Pirineo-Atlantikoetako Artxibo Zerbitzua: http://earchives.le64.fr/archives-en-ligne/ark:/81221/r15772z7x2xhsk/f26?context=ead::FRAD064003_IR0002_e0014271
- 1914-1919 gerlako presoen Nazioarteko Agentziaren artxiboak, Nazioarteko Kurutze Gorria Komitearen gunean: https://grandeguerre.icrc.org
- http://prisonniers-de-guerre-1914-1918.chez-alice.fr/
Grabaketak
# | Erref. | Izenburua | Data | Iraupena | Grabaketa herria | Elkarrizketatzaileak | |
---|---|---|---|---|---|---|---|
1 | BER-09 | BER-09 - Antoine Suhas | 1916-03-19 | 1:10:47 | Arrangoitze | Königlich Preußische Phonographische Kommission, Hermann Urtel, Georg Schünemann |