"Lili bat ikusi dut" kantua

Dokumentazio historikoan, errusiar kantu bezala sailkatua izana da kantu hau ("Russ. Abschiedslied" [tatsächlich: Baskisch: Lili bat ikusi dut]). Kopla bera kantatzen dute aldizka Suhas anaiek eta Joseph Jaureguiberrek. Lehenik, Jean-Baptiste Suhasek lehen bi lerroak, Antoine Suhasek ondoko bi lerroak eta kopla bera osoki berriz ematen du. Azkenik, zuberotarraren bertsioa.

Oharra grabaketa datari buruz: fitxa egiturak preso bakoitzari bere grabaketa guztientzat egun bakar bat baizik ematera mugatzen baitigu, informazio zehatzagoa aurkituko duzue Berlingo erakundeen katalogoetan, pasarte bakoitzeko kanpo loturan klikatuz. 

Lekukoa(k): Joseph Jaureguiber, Antoine Suhas, Jean-Baptiste Suhas

Herria: Arrangoitze

Artxibo-funtsa(k): Prusiako Komisio fonografikoaren artxiboak (Alemania)

Bilduma: Lehen Mundu gerlako euskal presoen grabaketak (1916-1917)

Elkarrizketatzailea(k): Königlich Preußische Phonographische Kommission, Hermann Urtel, Georg Schünemann

Data: 1916-03-19

Iraupena: 0:02:06

Erreferentzia: BER-09-01

Prusiako Komisio fonografikoaren artxibo-kodea : Phon. Komm. 245

Kanpo lotura: http://www.smb-digital.de/eMuseumPlus?service=ExternalInterface&module=collection&objectId=743222&viewType=detailView

Gaia(k): Kantua eta musika


Eskubideak eta erabilpen baldintzak

© Sammlung Phonographische Kommission VII WS 238, Ethnologisches Museum, Staatliche Museen zu Berlin-PreuBischer Kulturbesitz / © Lautarchiv, Humboldt-Universität zu Berlin

Euskaldun honen grabaketak Alemaniako bi erakundetan artxibatuak dira: argizarizko zilindroak Berlingo Etnologia Museoan, eta disko gramafonikoak Humboldt Unibertsitatean. Hots, kasuaren arabera, bi jabego ezberdin baditu. Humboldt Unibertsitateko artxiboen eskubideak zainduak dira. Kontsultagarri dira Euskal kultur erakundeko egoitzan (hitzordua hartuz, 0(33)5 59 93 38 70 telefonora deituz edo mezu bat idatziz kontsulta@eke.eus helbidera). Etnologia Museoak artxiboen soinuak eta dokumentuen irudi numerikoak mintzoak gunean zintzilikatzea baimendu digu, eta horretarako zinez eskertu nahi dugu.

Joseph Jaureguiber

Joseph Jaureguiber, Larrainen sortua 1884ko azaroaren 7an, ofizioz espartin-egilea, Gotainen hila da 1956ko urriaren 29an.

Aita Bernard Jaureguiber, 1851n sortua, hargina, eta ama, Marie Iribe, 1855ean sortua. 

Joseph Gotainen ezkondu zen 1913ko otsailaren 1ean Marie-Annette Etchegoyhen (1889-1966) dendariarekin. Gotaine Jaureguiberrian bizi zen bikoteak 7 haur ukan zituen: Marie (1913- ?), Marguerite (1921-2011), Marie-Anne (1922-1951), Pierre (1923-….), Ernest (1927-1988), Joseph (1928-2016) eta Edouard Jean (1930-2012).

Soldadoaren eta gerlako presoaren ibilbidea

Mobilizaturik, Joseph Jaureguiber gerlara joan zen 1914ko abuztuaren 4ean. Massiges-en (Marne) desagertu zen 1914ko abenduaren 21ean eta preso ezarria izan Alemanian, Meschede preso-esparruan. Jaureguiber zuberotarra Komisio fonografikoak euskaldunetan gehien grabatu zituenetarik bat da: 1916ko martxoan Merseburg-en grabatua izan da, eta 1917ko irailaren 30ean, Stolberg-en. Haren ahots indartsua azpimarratzekoa da. Honen artxiboak (kantu asko, pastorala pasarte, narrazio) Alemaniako 2 erakundeen artean banatuak dira.

Gerla bururatzean, 1919ko urtarrilaren 26an herriratua eta 7garren erregimendu kolonialan ezarria izan zen. Eta martxoaren 31n etxera igorria, Gotainera. Erreserban emana 1924an, afekzionerik gabe ezarria izan zen 1927ko urtarrilaren 16an.

Etxekoen memoria 100 urte pasa ondoan

Joseph Jaureguiberren aztarnak xekatzen zituela, Maider Bedaxagar zuberotarrak honen 2 seme filmatu ditu 2015ean, Joseph (1928-2016) eta Pierre. Azken honek bazakien aitak kantatu zuela Alemanen aurrean. Bi semeen ihardokitze hunkigarria ikusgai da Maitia nun zira?, 2016an Ainara Menoyok eta Elena Canas-ek sortu dokumentalean.

Iturriak:

- Prusiako Komisio fonografikoaren fitxa © Lautarchiv, Humboldt-Universität zu Berlin (EKEn kontsultagarri grabaketetako beste dokumentu guziekin)

© Pirineo-Atlantikoetako Artxibo Zerbitzua [sarean]:

- Larraine herriko-etxeko sortze akta: http://earchives.le64.fr/img-viewer/FRAD064003_IR0002/LARRAU/5MI316/viewer.html?ns=FRAD064006_5MI316_1284.jpg
- Frantses armadako erregistroa: https://consultarchives.le64.fr/registre_militaires/78967

Antoine Suhas

Antoine Suhas, Arrangoitzen sortua 1885ko azaroaren 8an, istripuz hil zen 1946an, eiherazain izateaz gain egiten zuen postari (edo faktur) lanetan ari zelarik. Mathieu Suhas Bardoztarraren eta Sabine Doyharçabal Uztariztarraren semea.

1910ko ekainaren 4ean ezkondu zen Marie-Jeanne Daguerrekin eta 3 haur ukan zituzten. Bi, gerla aitzin sortuak Arrangoitze Errotahandian, Marguerite (1911-2004) eta Martin (1912-2002), eta hirugarrena, Jean-Baptiste, gerla ondoan.

Soldadoaren eta gerlako presoaren ibilbidea

Soldadogoa 1906an hasia 49garren Infanteria erregimentuan, erreserbako erregimentura pasa zen 1908an. Harrera onagatik saristatua izan zen (certificat de bonne conduite).

1914ko abuztuaren 1eko mobilizazioarekin, 249. Infanteriako erregimentua integratu zuen abuztuaren 4ean. Alemanek hartu zuten Craonnellen (Aisne eskualdea) 1914ko irailaren 20an, eta preso sartu Zerbsteko preso kanpamenduan. 1915ko azaroaren 8an Merseburgeko kanpamendura igorria izan zen, Nazioarteko Kurutze Gorriaren gunean dagon Kommandanturreko agiriaren (P 32191) arabera.

Prusiako Komisio fonografikoak bertan grabatu zuen 1916ko martxoaren 19a, 20a eta 22an. 1917ko abuztuaren 1ean Stolbergen grabatua izan zelarik, Antoine Suhasek bere gutunaren eskuizkribuan zehaztu zuen du 8garren konpainiakoa zela eta 13714 zenbakia zekarrela.
Komisioak hizkuntzaren eta musikaren ikerketarako hautatu zituenen 10 euskaldunen artean, Antoine Suhas da gehienik grabatua izan dena, Joseph Jaureguiber zuberotarrarekin. Eman duen testu librea, "Eskualdun baten letra mila bederatzi ehun eta hamazazpian" gutun autobiografikoa, alderdi askotarik interesanta da, uzten digun lekukotasunagatik: mobilizazio eguna Euskal Herrian, gerlaren hastapenak, preso egonaldia eta harremana Alemanekin, gerlari buruzko gogoetak, herrian utzi duen familiaz griñaturik.

Gerla bururatu ondoan, Alsaziatik herriratua izan zen 1919ko urtarrilaren 8an: bere izena Nazioarteko Kurutze Gorriaren gunean dagon zerrendan (P 102119) agertzen da. 49garren Infanteria erregimentura sartu zen martxoaren 22an. Etxera igorria izan ondoan, Arrangoitzera itzuli zen.
Eskuineko zangoan ukan hausturaren ondorioz, %20eko gerlako pentsionea ukan zuen. 1934ko urriaren 15ean armadako betebeharretaz osoki libratua izan zen.

Euskal kultur erakundeak nahi du zinez familia eskertu, eskaini dion harrera onagatik eta eman dizkion xehetasunentzat, bereziki Michel Suhas arbonarra, Antoine Suhasen semetxia, eta Marie Domingin Oyharçabal sortzez Suhas, basusarrikoa, Jean-Baptiste Suhasen alabatxia.

Iturriak :

- Prusiako Komisio fonografikoaren fitxa © Lautarchiv, Humboldt-Universität zu Berlin (EKEn kontsultagarri)

[sarean]:

- Frantses Armadaren erregistroko fitxa © Pirineo-Atlantikoetako Artxibo Zerbitzua
https://consultarchives.le64.fr/registre_militaires/83678
- 1914-1919 gerlako presoen Nazioarteko Agentziaren artxiboak, Nazioarteko Kurutze Gorria Komitearen gunean: https://grandeguerre.icrc.org
- http://prisonniers-de-guerre-1914-1918.chez-alice.fr/

Jean-Baptiste Suhas

Jean-Baptiste Suhas, Arrangoitzen sortua 1884ko irailaren 9an, Basusarrin bizi zen eta ofizioz hargina. 1964ko otsailaren 6an hila da. Gurasoak Bardozen ezkondu eta Basusarrira etorri ziren bizitzera: aita, Mathieu Suhas Bardoztarra eta ama, Sabine Doyharçabal, Uztaritzen sortua.

Grabaketei erantsitako fitxan Komisio fonografikoak zehazten du Jean-Baptistek 6 urte arte Arrangoitzen eta Bardozen bizi izan zela. Gero Basusarrira etorri eta herriko eskolan eskolatua izan zen.

Catherine Bordalelecou (1887-1973), sortzez Izturiztarra zenarekin ezkondu zen. 3 haur ukan zituzten, 2 gerla aitzin sortuak, Anne (1912-2009) eta Félicie Sabine (1914/06/26-1998). Gerlara joan zelarik beraz, bigarren alabak hilabete bat pasa baizik ez zuen.

Soldadoaren eta gerlako presoaren ibilbidea

Mobilizazioan, Baionako 249. Infanteriako erregimentuan sartu zen 1914ko abuztuaren 4ean. Alemanek hartu zuten Craonnelle-n (Aisne) 1914ko irailaren 20an, Antoine anaiarekin, eta biak preso sartuak izan ziren Alemanian Zerbst-eko kanpamenduan.

Prusiako Komisio fonografikoak grabatu zuen Rottleberoden, Antoine Suhas anaiarekin eta Joseph Jaureguiberrekin, eta Merseburgen, 1916ko martxoaren 20an eta 22an. J. B. Suhasek bere eskuizkribuak izenpetzen zituen bi izen erabiliz : Jean edo Jean-Baptiste.

Gerla bururatzean, Alsaziatik herriratua izan zen 1919ko urtarrilaren 8an. 49. Infanteriako erregimentura sartu zen martxoaren 22an eta  Basusarrira itzuli. 

Gerla ondotik

Alemaniatik itzuli ondoan, familia Basusarri Mikeou etxean kokatu zen. Jean-Baptistek hargina ofizioan segitu zuen bizpahiru behi haziz, baserrialdeko bizimoduan usu egiten zen bezala. 1921ean hirugarren haurra sortu zen, Antoine Edouard (1921-1998), Germaine Pétrissans-ekin ezkondua, Mari-Domingin Oyharçabalen aita. Mari-Domingin oroitzen da, 3-4 urte zituelarik aitatxik altxotan harturik kantuz ari zitzaiola geldi-geldia. Beti kantuz ari zen. 79 urtetan zendu zen 1964ko otsailaren 6an.

Euskal kultur erakundeak nahi du zinez familia eskertu, eskaini dion harrera onagatik eta eman dizkion xehetasunentzat, bereziki Marie-Domingin Oyharçabal sortzez Suhas, Basusastarra, Jean-Baptiste Suhasen alabatxia.

 Iturriak:

- Prusiako Komisio fonografikoaren dokumentazioa © Lautarchiv, Humboldt-Universität zu Berlin (EKEn kontsultagarri)

[sarean]:

- Frantses Armadaren erregistroko fitxa © Pirineo-Atlantikoetako Artxibo Zerbitzua: https://consultarchives.le64.fr
- Histoire de poilus Centenaire 14-18 webgunea: http://histoiresdepoilus.genealexis.fr/

CodeSyntax-ek garatua. Softwarea: Django.