Aitatxi kantuz : Juan Indaburu-ren kantu bilduma
2026-03-27 ¦ Artxibo soinudunak
Juan Indaburu Zugarramurditarra, ezaguna zen kantan aritzeko herrian; 1984an bere etxean egindako grabaketa bati esker, bere errepertorioa deskubri dezakegu. Abesti ainitz ikasi zituen bere aitarengandik, jatorriz Sarakoa zena. Jaione Cordoba Indaburu, Juan-en bilobak, grabaketa hori eskaini dio Euskal kultur erakundeari. Orain, Mintzoak-en entzun daiteke kantu bilduma hau.
Juan Indaburu-ren grabaketa 1984an egina izan zen bere etxean Zugarramurdin. Ordu bateko grabaketa horretan, 25 abesti edo bertso zerrendatzen dira. Kantu gehienak aitaren partetik ikasi zituen, eta gogoz abesten zituen bere euskalkian.
Kantu horien artean, badira ezagunak, besteak beste : “Libertatearen amodioa”, “Gazte naiz eta lorios”, “Apirilean gaua da labur”, “Maitia nun zira”, … Bestalde, guttiago ezagunak diren bertsoak, adibidez : “Konpainian” edo “Noizbait hasten naiz kantatzen”.
Grabaketaz gain, kantuen hitzak transkribatu ditu Jaione Cordoba Indaburu-k, bere aitatxiren euskalkia kontuan hartuz, eta tarteka, falta diren koplak gehituz kantuari. Liburuxka batean bildu ditu informazio guzti horiek.
Gehiago jakin
